XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

A) Legearen 80. artikuluaren lehenengo idazatiak erantzukizun printzipioa ezartzen du argi eta garbi: Bazkideei euren ekarpenak itzultzen bazaizkie oso-osorik edo zati batez, bazkide horiek guztiak, sozietatearekin batera, erantzukizun solidarioa izango dute sozietate zorren gain, baldin eta zor horiek bazkideak bereganatu baditu urripen hori gainontzekoen aurka jartzeko aukera noiz izan eta horren aurretik.

Aurretik adierazi dugunez, kapitalaren urripena Erregistroan inskribatu behar da.

Bada, Merkataritza Kodearen 21. artikulua aplikatu behar da kasu horretan.

Artikulu horren arabera, inskribatu beharreko egintzak gainontzeko onustedunen aurka jar daitezke, Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan bakarrik.

Erregistroko publizitateak, izan ere, bide ematen dio legeak onartzen duen aurkajartze printzipioari.

Hariari segiz, ondoko bi inguruabarrak azpimarratu behar dira: a) Bazkidearen erantzukizuna sozietate ekarpenen itzulketaren ondorioz jasotako zenbatekora mugatzen da; modu horretara, hautsi egiten da bazkideak duen erantzukizun mugatuaren printzipioa.

b) Erantzukizun horren preskripzio epea bost urtekoa da, urripen hori gainontzekoen aurka jar daitekeen unetik zenbatzen hasita (80. artikuluaren 2 eta 3. lerroaldeak).

Behin erantzukizun sistema hori azaldu eta gero, hauxe argitu behar dugu: Bazkideek ez dute izango aurreko idazatietan aipatzen den erantzukizuna, baldin eta, urripen erabakia hartzen denean, erreserba bat zuzkitzen bada etekinen edota erreserba askeen pentzuan, eta erreserba horren zenbatekoa bazkideei itzulitakoaren bestekoa bada.

Erreserba hori xedaezina izango da bost urtetan zehar, urripenaren iragarkia Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, ondoko kasuan izan ezik: epe hori mugaeguneratu baino lehen, sozietate zor guztiak, ordaintzen direnean, alegia, urripen hori gainontzekoen aurka jartzeko aukera noiz izan eta horren aurretik hartutako zor guztiak (80.4. art.).

B) Jarraian, hartzekodunen babeserako ezartzen diren neurriak aztertuko ditugu.

Neurri horiek 81. artikuluan jasotzen dira: a) Kapitala urritu eta bazkideei euren ekarpenak itzultzen zaizkien kasurako, estatutuetan ezar daiteke nahitaezkoa dela hiru hilabete gutxienez igarotzea, urripen erabakia betearazi ahal izateko.

b) Hartzekodun arruntei jakinarazi behar zaie epe hori noiz hasten den; jakinarazpen hori egin behar zaiei eurei zuzenean edo, bestela, horren iragarkia agertu behar da Merkataritzako Erregistroaren Aldizkari Ofizialean.

Epe horren barruan, urripen erabakia betearaztearen aurka jo dezakete hartzekodunek, baldin eta euren kredituak kobratzen ez badituzte edota sozietateak kreditu horiek bermatzen ez baditu.

c) Deusezak dira hiru hilabeteko epe hori igaro aurretik egindako kapital itzulketak, nahiz eta edozein hartzekodunek horren aurka jo, garaiz eta behar bezala.

Bukatzeko, hartzekodunengan eraginik ez duen arren, ondokoa adierazi behar da: (...)